Ikasturte berria abian da eta ospatzeko garaia ere heldu da. Dagoeneko berrogei urte pasatu dira Derioko Seminarioan Eskola Politeknikoa martxan jarri zenetik eta uste dugu ospatu beharrekoa dela. Garai hartan, orain dela berrogei urte, argi ikusi zen beharrezkoa zela bai Txorierriko bailararako eta baita Bizkaia osorako formakuntza profesionala bultzatuko zuen entitate berritzaile bat. Urte haietako garapen industriala zela eta enpresek langile trebatuak behar zituzten eta Mondragoiko esperientzia kooperatiboa eredu hartuta 1979-1980 ikasturtean martxan hasi zen Politeknika Ikastegia Txorierri Kooperatiba Elkartea.
Denbora asko pasatu da eta Bizkaiko gizartea, teknologia, hezkuntza orokorrean eta Lanbide Heziketa modu partikularrean asko aldatu dira. Txorierriren helburuetako bat bilakaera horrekin bat egin eta gizartearen talentua osatzea izan da, beti pertsonen garapena lehen lerroan jarrita.
Dena den, erreferentzia hori beti abiapuntu moduan hartuta, argi esan dezakegu garai hartako Txorierri eta 2019. urtekoa oso desberdinak direla. Eskolaren garatze prozesua izugarria izan da. Hasierako bi espezialitate haiengandik (Matrizeria eta Elektrizitatea) sei izatera pasatu gara (Fabrikazio Mekanikoa, Diseinua, Robotika, Telekomunikazioak, Marketina eta Ingurumena). Batxilergoa ere gure eskaintzaren barne daukagu Unibertsitateari begira. Hamar talde izatetik hamazortzi izatera pasatu gara, horrek suposatzen duen guztiarekin: instalazioak, inbertsioak, pertsonak,…
Seminarioa txiki eta zaharkituta geratu eta 1993. urtean eraikin berria inauguratu genuen. Eguneratutako instalazioak, laborategiak. Berriak, modernoagoak. Baina ala eta guztiz ere, handik gutxira beste bi handitze egin behar izan genituen eskolaren garapenak behartuta. Gaur egun ere metodologia berriak direla eta obrak ohikoak izaten dira uda partean.
Izan ere, asko aldatu dira hezkuntza eredu metodologikoak bai Batxilergoan baina bereziki Lanbide Heziketan. Bereziki bi arlotan ikusten dira desberdintasunak: gelako metodologietan eta txandakako prestakuntza dualean. Gelako metodologien eboluzioa izugarria izan da. Ohikoa zen hezkuntza memoristiko eta funtzionaletik beste eredu batera pasatu gara non ikaslearen ardura ardatz hartuta, bere konpetentzia tekniko eta pertsonalak garatzen laguntzen zaion, bakoitzaren talentua garatuz. Horretarako Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako ETHAZI proiektuan buru belarri gaude murgilduta eta aitzindariak izan gara eredu horren inplementazioan. Enpresetan egindako lanaldietan ere bizitako aldaketak izugarriak izan dira eta derrigorrezko praktiketatik aparte formakuntza dualaren garapena izugarria izan da azken urteotan. Azken urteotan 40 proiektu dualetik gora kudeatzen ditugu.
Espezializazio programak ere bilakaera horren eredu dira. Enpresetako teknologia garapena hain handia eta azkarra da non Lanbide Heziketa arruntak ezin du erantzun azkarrik eman. Horregatik momentu honetan bi espezializazio programetan hartzen dugu parte trokelgintza arloan eta automatizazio aurreratuan. Espezializazio programa hauek era dualean eskaintzen dira.
Irakasleak ere, gai hauetan jarduteko, prestatuta egon behar dira eta horregatik, ohiko prestakuntza saioetatik aparte, berrikuntza eta garapeneko proiektuetan ere hartzen dute parte. Gainera prestakuntza berezi hauek aukera ematen diete gure irakasleei inguruko enpresen proiektuetan parte hartze zuzena izateko arlo desberdinetan: bisio artifizialean, metrologian, kudeaketa prozesuetan, eta abar.
Formakuntza eta proiektu guzti hauek aukera ematen digute gero ezagutza hori enpresetako langile eta baita langabetuei ere zabaltzeko instituzioen programa desberdinei ezker: Hobetuz, Lanbide. Urtero mila ordutik gora eskaintzen dugu formakuntza mota hauetan ere.
Esan dugun moduan gure gizartea ere izugarri ari da aldatzen eta berrogei urte hauetan aldatu den beste gai bat euskarak hezkuntzan duen presentzia izan da, horretan ere Txorierriren eboluzioa handia izan da erdera hutsezko eredu batetik euskal ereduetarako bidean. Gai honetan bai Batxilergoan eta baita Lanbide Heziketan egindako lana aipagarria da.
Baina garenetik hasita, ez dugu ahaztu behar berrogei urte hauetan mundua globalizazio prozesu batean murgilduta dagoela eta gure gazteak prestatuta egon behar direla erronka horretan (ere) protagonista izateko. Horregatik orain urte batzuk Nazioarteko Departamentua sortu genuen gure ikasleen nazioarteko esperientziak izan ditzaten. Horrela Erasmus+ proiektu ugaritan hartzen dugu parte ikasle eta irakasleek atzerriko denboraldi interesgarriak izan ditzaten. Bestalde urtero berrogeita hamar atzerrian lan egiteko bekak kudeatzen ditugu euskal enpresek atzerrian dituzten plantetan.
Argi dago eskolaren garapena azpimarragarria izan dela berrogei urte hauetan eta eguneroko kudeaketa oso garrantzitsua izan dela helburuak betetzerakoan. Horregatik hasieratik erabili izan ditugu antolaketa eredu aurreratuenak ala nola EFQM eta ISO. Arlo honetan aipatu behar dugu 2005. urtean lortu genuela urrezko Q-a (Kudeaketa Euskal Saria) eta pasadan ikasturtean bertan gure zertifikazioa AENOR-en ISO 9001 arauaren arabera.
Azkenik esan behar dugu gorago aipatutako guztiak ezin izango zirela lortu kooperatiban parte hartzen duten guztien inplikaziorik gabe. Lehenengo eta behin langileak, bai irakasleak eta baita zerbitutakoak ere eguneroko lanean buru belarri aritu direlako helburuak lortzeko bidean. Enpresa laguntzaileak ere aipamena merezi dute bai bere laguntza ekonomikoa eskaintzeagatik bazkide moduan eta baita ikasleen garapen prozesuan erakutsitako inplikazioagatik. Instituzio publikoek ere aipamena merezi dute beti izan ditugulako laguntzeko prest, bakoitza bere arloan. Eta aipamen berezia merezi dute bere ikasketa prozesuak garatzeko gugan konfiantza izan duten 4.000tik gorako bizkaitarrek beraiek direlako gure proiektuaren enbaxadorerik hoberenak.
Uste dugu proiektu honen garapenak merezi duela 40. urteurren hau ospatzea beraz zorionak proiektu honen parte izan zareten guztioi eta goazen ospatzera!