Informazioa eta esperientzia pertsonalak gazteei euren ibilbide profesionala aukeratzen laguntzeko.

Derrigorrezko hezkuntzaren osteko prestakuntza-ibilbideak, prestakuntza-zikloak unibertsitatearekin lotzeko aukerak, enpleguaren testuingurua Txorierriko eskualdean… Ezagutu Aukeratzeko programak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Txorierriko udalek sustatua, gurasoek Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko seme-alabei begira zituzten zalantza guztiak argitu zituen orientazio-jardunaldi akademiko eta profesional batean; jardunaldia, koronabirusaren aurkako prebentzio-neurrien ondorioz, sareko formatuan egin da aurten, GoToMeeting aplikazioaren bidez. 65 konexio egon ziren.

Gainera, aurten lehenengo aldiz, Txorierriko bi gaztek, Maider Macarrok eta Gemma Reinok, haien testigantzak eman zituzten, eta honako hauekin batera aritu ziren: Alex Loustaunau EGAZ Txorierriko zuzendaria, Isabel Pintor Gaztedi programaren eskualdeko arduraduna, Ainhoa Sáenz Politeknika Txorierriko orientatzailea eta José Manuel Tubio Politeknika Txorierriko koordinatzaile pedagogikoa.

Topaketa Ezagutu Aukeratzeko programaren esparruan sartzen da, zeinak hainbat ekintza jasotzen dituen lan- eta enpresa-errealitates gazteengana hurbiltzeko eta haiei laguntzeko euren etorkizuna aukeratzeko orduan. Ekimena Gaztedi programaren barruan sartzen da; azken hori Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du, Txorierriko udalen laguntzarekin, eskualdean ekonomia eta enplegua sustatzeko zerbitzuaren bitartez (EGAZ Txorierri), eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta Erandioko Udalarekin batera.

Orientazio-jardunaldi akademiko eta profesionalean, Txorierriko sustapen ekonomikoaren agentziako (EGAZ Txorierri) zuzendariak, Alex Loustaunauk, eskualdeko enplegu-testuinguruaren hainbat alderdi azaldu zituen; hala nola, profil zientifiko-teknologikoa nagusitzen dela, parke teknologikoen presentziari esker.

Politeknika Txorierriko orientatzaileak, Ainhoa Sáenzek, Derrigorrezko Bigaren Hezkuntza amaitu osteko ibilbideak azaldu zituen, bai batxilergoa, bai erdi-mailako prestakuntza-zikloak. Gainera, azaldu zuen ibilbideak ez direla itxiak, eta gogorarazi zuen batxilergoak bezalaxe, erdi-mailako zikloek ere goi-mailako zikloetarako sarbidea ematen dutela, eta, ziklo horiek, beren aldetik, unibertsitateko graduetarako sarbidea. Eta lanbide-heziketako aukerei buruzko xehetasunak Politeknika Txorierriko koordinatzaile pedagogikoak, José Manuel Tubiok, eman zituen.

Gonbidatutako ikasleek euren esperientziak azaldu zituzten, eta gogoratu zuten nola izan zen euren bidea DBHko 3. eta 4. mailan zeudenean. Maider Macarroren kasuan, beti izan zuen argi zientziak zituela gustuko; beraz, batxilergoan adar zientifikoa aukeratu zuen, eta bertatik unibertsitatean sartu zen, non diseinu industrialeko eta produktuen garapeneko ingeniari gisa graduatu zen. Ondoren, nazioarteko beka bat jaso zuen, eta gaur egun Argentinan ari da lanean.

Gemma Reinok, bestalde, ziklo bat egin zuen Politeknika Txorierrin, eta goi-mailako teknikaria da ekoizpenaren programazioan. Prestakuntza amaitzean, mahai gainean kontratu bat izan zuen ITP enpresarekin, baina koronabirusaren pandemiaren ondorioz, planak aldatu zituen eta ikasten jarraitu behar izan zuen. Momentu honetan Automatizazio eta Robotika Industrialeko Lanbide Heziketako Goi Mailako Zikloa egiten ari da.

Beraz, biek nabarmendu zuten etengabeko prestakuntzaren eta aukerak bilatzearen garrantzia, eta azpimarratu zuten erakundeek aukera ugari ematen dituztela enpresekin harremanetan jartzeko eta bekak eta prestakuntza-osagarriak jasotzeko. Amaitzeko, parte-hartzaileei aukera horiek aprobetxatzeko deia egin zieten.

EGAZ TXORIERRI