2017ko uda zen “Batxilergoa eredu konpetentzialean. Hastapen teorikoak” izena zuen mintegian parte hartzeko proposamena luzatu zigutenean.
Berehala eman genuen baiezkoa, aurretik egindako lana eta egiteke genuen bideari gehiegi erreparatu gabe. Izan ere, batxilergoaren forma eta egiturak berriztu beharra zuela jakin bagenekien, beste metodologia baten bila ari ginen, baina…Nola? Nondik hasi? Zer aldatu? Zer mantendu? Zein hariri egin behar genion tira? Erantzuna erraza zen eta parez pare genuen. Aspalditik ezagutzen genuen gainera, baina zerbait berriztu nahian gabiltzanean berezko gaitasunei jaramon egitea ahaztu egiten zaigu. Irtenbidea auzolana zen, beste behin ere auzolana. Ikastolen Elkarteko kideekin auzolanean aritzea hain zuzen ere.
Urte hauetan, hainbat izan dira bilerak, mintegiak, formakuntzak eta eztabaidak. Hamaika gorakada eta beste horrenbeste porrot bizi izan ditugu, baina gakoa helburuari eustea izan da. Zeregin txikiekin hasi ginen duela 4 ikasturte eta ebaluaketa oso bateko erronka gelaratzera heldu gara aurten. Izenik gabeko ideia zoro bati heldu genion #BatxiLab trending topic bihurtu zaigun arte
Aurreko hiru ikasturteetan metodologia berri honen bilakaera motela izan bada ere, ereindako uzta jasotzen hasi garela esan daiteke. BatxiLab ahalduntzeko unea iritsi zaigu! Aurten salto handi bat eman ezean, egunerokotasunak helburua desagertaraziko luke eta horren aurrean lan talde osoak bat egin eta metodologia honi gorakada esanguratsu bat ematea erabaki genuen.
Dagoeneko barneratuta ditugun ezintasun guztiak bezala, COVID19ak lehen ebaluaketako asmoak baldintzatu zizkigun. Hala ere, beharrezko neurriak hartuta, bigarren ebaluaketarako prest genuen plangintzari heldu genion. Alegia, “Bakoitzak bere zoroa bizi du, my friend”, “Gezurra esatearen artea” eta “Bizitza proiektua” gelaratzeari.
Hiru erronka hauek, bakoitzak bere neurrian, aldaketa handi bat suposatu dute. Esate baterako, “Gezurra esatearen artea”ri dagokionez, irakaslego osoa bateratzeaz gain, ikasleen aldetik oso erantzun polita izan du. Are gehiago, lehendabiziko saioak pixkat astunak iruditu bazitzaizkien ere, gogoz onartu eta amaierara arte lanean aritu ziren. Emaitzak benetan interesgarriak izan ziren eta areto nagusian erakusteko erabakia hartu zen.
Horrez gain, batxilergoko lehen mailako Euskal Hizkuntza eta Literatura ikasgaia irauli egin dugu. Ohiko ikasgaia zena erronka dinamiko eta erabilgarria bilakatu da. Ikasleak taldeka aritzen dira saioetan, nahiz eta bakarkako azken ekoizpen bat ere egon.
Aste hauetan zehar gazteek euren burua aurkezteko moduan buru belarri aritu dira, baina horretarako, hizkuntza menperatzeaz gain euren burua ezagutu eta gogoko duten hori identifikatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Horregatik “Bizitza proiektua” txertatu dugu bien bitartean. Erronka hau ikasleak erabat mugiarazten ari da, barnera begira jarri eta euren gaitasun eta gabezien jabe egitera bideratzen dituelako. Aipatu beharra dago, gainera, “Bizitza proiektuko” lehen saioa erronkaren egile den Aitziber Aiestaren eskutik jaso genuela, ikasle askori ate berri bat zabaltzen lagundu zielarik.
“Bizitza proiektua” ebaluaketarekin batera itxiko dugu aurten, baina hirugarren ebaluaketako erronka zehatzagoei bide emango diegu.“Well Drone!” eta “Oh! Limpiadak” ikasleen aurrean agertzeko irrikitan daude!