Guztiok dauzkagu ametsak, baina haurrak garenean oraindik eta politagoak, hegalariagoak edota ortzadar koloretakoak dira. Adinez gora goazen heinean ordea, amets horiek grisagoak bilakatzen dira eta azkenik amets egiteari uzten diogu, guztia beltza bihurtzen da.
Errealitate hau, pixkat bada ere aldatu nahian, Ekimaker proiektuaren barnean sartu da Politeknika Txorierri. Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleen arteko komunikazioa eta elkarlana dira proiektu honen gakoak. Ikastolen Elkarteko hainbat ikastolek parte hartu dute eta guzti horien artean gu Mungiako Larramendi Ikastolarekin aritu gara lanean. Lehen hezkuntzako ikasleek beraien ametsetako produktu, zerbitzu edo ideiak marrazki batean plasmatu dituzte, kolore eta forma izugarriak erabiliz. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek marrazki hori aintzat hartuz, kartoia, makiltxoak eta birziklatutako materialak erabiliz maketa ikusgarriak egin dituzte. Azken pausuan Fabrikazio Mekanikako Diseinuko eta Produkzioaren Programazioko gure ikasleek, haurren marrazkiak eta gaztetxoen maketak kontutan harturik prototipo ahalik eta errealena sortu dute.
Gure ikasleak, amets horiek errealitate bilakatzearen erantzule izan dira, haurren ideiei hegalak eman dizkiete, amets egiten jarraitzeko aukera eman diete, haurtzaroko zoriontasuna bizirik mantentze bidean protagonista izan dira. Larramendiko ikasleen partetik gauzatutako ideien marrazkiak eta maketen argazkiak jaso genituen, eta gure ikasleek marrazki horietatik aurrera eramateko ideia aukeratu eta bidea hasteari ekin zioten. MEGA-GRASS izeneko robota aukeratu zuten, lurreko zaborra batu eta ondoren birziklatu ahal izateko banatu egingo duena. Zikloetako ikasleek marrazki eta argazkiak oinarritzat hartuz, prototipoaren diseinua gauzatu ondoren, pieza batzuk 3D inprimagailuetan eta beste pieza batzuk zenbakizko kontroldun makinetan ekoiztu dituzte. Guztia muntatu eta haurren ametsetako Wall-e euskalduna sortu dute.
Bizi dugun pandemia dela medio, ez da posible izan maila guztietako ikasleak elkartu eta beraien arteko informazio transmisioa egitea, baina distantziara egindako proiektu honek emaitza zoragarriak izan baditu, zer ez dugu lortuko distantzia hori ezabatu eta elkarlana eta komunikazioa erabatekoak badira? Hurrengo urteetan biziko dugu!