Urkiola_2_web[1]

Bigarren ebaluaketa amaitu eta lan munduan praktika garaia hastear daudela, Ingurumen Heziketa eta Kontrola goi mailako zikloko ikasleek txangoa egin dute Urkiolako Parke Naturalera.

Neguko egun eguzkitsuek ingurune naturalari ematen dioten argitasuna lagun izan dute oraingoan, Anbotoko Damak lagunduta bi ikasturte hauetan ikasitakoa honelako inguru paregabean islatu eta praktikan jarri ahal izan dute.

Mendi gailurrek, baso eta landek eskaintzen dituzten ekosistemak aztertu dituzte ikasleek AZERI Natura Guztiontzat taldeko kideekin. Haiek gidatu dituzte oraingoan ikasleek 24 orduko egonaldian egin dituzten ekintzak. AZERIk, ingurune naturalean ingurumen heziketako jarduerak egiteko aukera ematen die mugikortasun edo/eta ikusmen arazoak jasaten dituzten pertsonei.

Honetarako erabiltzen duten joellete lur orotarako aulkia martxan jarri dute ECAko ikasleek, taldeko lana eginez mendian gora abiatu dira aulki gainean banan-banan txandakatuz. Horretaz gainera, ikusmena ez den beste zentzuak lantzeko, gure basoetako zuhaitzen identifikazio dinamika egin dute bikoteka.

Bazkaria, afaria eta lotarako gunearen antolamenduaz arduratu dira ikasleak egun osoan zehar, aparteko giroa eta ikasketa praktikorako baldintza ezin hobeak sortuz. Zikloari agur esan eta lan mundura gogoz abiatzeko primerako jardunaldia.

Urkiola_3_web[1]