Ikasturte honetan erronka ugariri egin beharko diegu aurre, eta horietako batek lotura zuzena du berdintasunarekin.
15 urte dira Mariví Cuartangoren gidaritzapean eta Berdintasuna izeneko Proiektuarekin esparru honetan lanean hasi ginenetik. Proiektu horrek zeharkako ildo estrategikoa ezarri zuen ikastetxean eta gure eguneroko zereginean, urte hauetan zehar egindako ekintza ugariren bidez. Ekintza horien helburu nagusia zen gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzea, neskak teknikaren eta zientziaren mundutik urruntzen zituzten genero-estereotipoak eraitsiz.
Orduan ere asmo handiko helburua zen, ezin dugu amaitutzat eman eta berdintasunarekin dugun konpromisoan aurrera egiten jarraitzera behartzen gaitu. Horregatik, 2020-2021 ikasturtean Politeknika Ikastegia Txorierriko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana egingo dugu EDE Fundazioaren eskutik eta Emakunderen laguntzarekin.
Plan horretan beste ekintza batzuen artean, ikastolak hainbat mailatan egiten dituen ekintza guztiak jasoko dira; besteak beste, ikasgelan ikasleekin zuzenean lan egiten ditugunak. Horri dagokionez, lau jarduera-maila adierazten dira:
- Lehenengoa ikastetxeko ikasle guztiei zuzendutakoa izango litzateke.
- Bigarren mailan, ikasgelan ikasleekin egiten diren orientazio- eta tutoretza-jarduera osagarriak bilduko lirateke.
- Hirugarrenak Orientazio Akademiko eta Profesionaleko Programari egingo lioke erreferentzia, eta, azkenik,
- laugarren mailak ikasturte bakoitzean parte hartzen dugun programak edo proposamen berriak adieraziko lituzke.
Lehenengo mailan, adibidez, bi erakusketa antolatuko ditugu; bata, Batxilergoko 1. mailako ikasleek egindako horma-irudiekin, Fisika eta Kimika ikasgaiko “Emakumeek zientzian egindako ekarpenak” erronkan, eta, bigarrena, Bizkaiko Parke Teknologikoak lagatako “Zientzia eta teknologia femeninoan” ekimenaren argazki-panelekin egingo dugu. Bertan, alde batetik, Bizkaiko Parkearen inguruan zientzian eta teknologian nabarmentzen diren emakumeen panelak ikusi ahal izango ditugu eta, bestetik, mundua aldatu zuten emakumeen argazkiak.
Bigarren mailan, berdintasunari buruzko hainbat erronka egingo ditugu Batxilergoko irakasgaietan (Fisika eta Kimika, Gaztelania eta Literatura eta Filosofia) eta Zikloetako modulu zehatzetan (Laneko Prestakuntza eta Orientazioa eta, Eskaparatismoa).
Halaber, tutoretza-saioetan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko sentsibilizazio-jarduerak egingo ditugu, tutoreekin eurekin, Inspira Manifestua programako aholkulariekin edo arlo horretako adituekin, Orientazio eta Tutoretzako Jarduera Osagarrien bidez, hala nola “Hezkuntza afektibo-sexualeko Programa”, “Babestuz Programa”, “Bizitza Osasungarriaren Sustapena Programa” eta “Gaitasun Soziolaboralei buruzko Tailerra”.
Hirugarren mailan, Ikasketa- eta lanbide-orientazioko “Ezagutu Aukeratzeko” Programaren bidez, Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleek genero-baldintzapenik gabeko erabakiak hartu ahal izatea sustatuko dugu, bokazio-dibertsifikazioa bultzatuz eta genero-estereotipoak gaindituz.
Eta, azkenik, laugarrenik, Bizkaiko Parke Teknologikoko “Zientzia eta Teknologia Femeninoan” jardunaldian parte hartuko dugu, eta, halaber, Batxilergoko 2. mailako ikasleekin lankidetzan arituko gara Derioko Udalak azaroaren 25erako proposatutako proposamen batean. Proposamen horren helburua Derioko hainbat tokitan indarkeria sexistaren aurkako mezuak egitea eta graffitatzea da.
Azken batean, ikasleekin zuzenean egindako lan honekin gure aletxoa eman nahi dugu, berdintasunezko gizartea lortzeko.