Zeregin profesionalak gauzatzen dituen bitartean pertsona batekin eguna besoz beso igarotzea, hainbat sektoretako enpresak bisitatzea eta bertan zer lan egiten duten ikustea, profesionalen lan-esperientzia entzutea eta zalantzak galdetzea… Martxoko lehen astean, eskualdeko 70 ikasle inguruk, Txorierriko Politeknika Ikastegiko 55 ikaslek barne, aukera izan zuten goiza hainbat profesionalekin igarotzeko, etorkizunerako interesatzen zaizkien sektoretakoak guztiak ere, “Ezagutu Aukeratzeko” programaren barruan.
Ekimen hori “Gaztedi Bizkaia” programaren parte da, zeinaren xedea baita gazteria-politika integral bat sustatu eta garatzea. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen du, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta Erandioko Udalarekin elkarlanean. Politeknika Ikastegiaz gain, Zamudioko Gaztestazioak eta Sondikako Gazteguneak ere parte hartu zuten.
Enpresetako egonaldi horiek EGAZ Txorierrik kudeatzen ditu, eta helburu dute Batxilergoan dauden ikasleek lehen kontaktu bat izatea enpresetako errealitatearekin, haien ibilbide profesionalaren norabideari buruzko erabaki informatuak hartu ahal izan ditzaten.
Aurten, oso deigarria izan da hautatutako lanbideen aniztasuna; horren eraginez, askotariko enpresetan egin dira egonaldiak: fabrikazio mekanikoa, kirol-instalazioak, ospitaleak, laborategiak, ingeniaritza-enpresak… Guztira, 25 entitatek hartu dute parte aurtengo “Ezagutu Aukeratzeko” ekimenean.
EGAZ Txorierrik eskerrak eman nahi dizkie ikasleak hartu dituzten enpresei: Bizgarri Elkartea, Derioko Eskola, Dibal, Bizia fundazioa, Gestamp, Herlyp Industrial, Ahida, Aleo Vitro, Artaza Suhiltzaileak, Azkuna Zentroko jarduera fisikoko zentroa, Clínica Dental Redondo, Inser Robótica, Ibermática, Derioko Institutua, Basoak-Bizkaiko Foru Aldundia, Santimami Txakur, Ingemat, IMQ Zorrotzaurre, Loiu Motor, Ludus, Basondo, Peruko Kontsuletxea, Erandioko Ertzain Etxea, AHEB-BEHA eta Laboral Kutxa.