NODO-FAB_WEB[1]

Otsailaren 18an, Fabrikazio Aurreratuaren  Nodoa eratu zen Tknikan, zentro hauen parte-hartzearekin: Politeknika Txorierri, Miguel Altuna, Goierri, Usurbil, Bidasoa eta Makina-erremintaren Institutua (nodoaren liderra).

Lanbide Heziketako Sailburuordeak bileran parte hartu zuen, LHrako Ikerketa eta Berrikuntzarako Zentrotik (TKNIKA) aurkeztu zitzaion proposamen bati oniritzia eman ondoren.

Ekimena LHaren IV. Euskal Planaren baitan sartzen da; izan ere, bere 9. helburuan, plan horrek aurreikusten du LHko ikastetxe espezializatuen sare bat eratzea, ekoizpen-sektoreei sostengua emateko Eusko Jaurlaritzak ezarritako proiektu konkretuetan, eta, zehazki, zenbait sare-nodo eratzeko ekoizpen eta berrikuntzaren alorreko eremu batzuetan espezializatutako lanbide heziketako ikastetxeetan.

Nodoa osatzen duten ikastetxeek Fabrikazio Aurreratuaren eremuan lidergoa duen eragile talde batekin batera lan egiten dute (enpresak, klusterrak, Zentro Teknologikoak…), hori guztia Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Berrikuntzako Sailburuordetzak koordinatutako proiektu baten baitan, horiek baitira proiektu hau barne hartzen duen “Basque Industry 4.0” estrategia diseinatzeko eta garatzeko arduradunak.

Lehenengo fasean, deialdia egingo diegu enpresetako ordezkariei eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileei, behar estrategikoak identifikatzeko eta lehenesteko; horren ostean, behar estrategiko horiek garatuko ditugu nodotik, eta erantzuna emango diegu. Horretarako, ikastetxe bakoitzak proposamen bat egingo du, bere jardueratik gertuen dauden eragile berritzaileak zein diren azalduz. Gure kasuan, eta haiekin dugun harreman estua kontuan hartuta, hauexek proposatu ditugu: Gestamp, CIE-Automotive, Matrici S.Coop. eta AIC (Automotive Intelligence Center), ACICAE automobilgintza enpresen klusterraren berrikuntza zentroa.

Politeknika Txorierrik talde horretan presentzia izatea lagungarria izango zaigu Fabrikazio Aurreratuaren alorreko berrikuntzak une orotan ezagutzeko, eta horri esker aurrendariak izango gara fabrikazio mekanikoaren zikloetan, eta, gainera, bidea emango digu ETEei aholkularitza teknologiko hobea emateko (I+G+b), zeren hori baita Fabrikazio Aurreratuko Tkgune Zentro gisa eskaintzen ditugun zerbitzuetako bat.