Izenburu bikaina esperientzia honentzat. Duela hiru urte hasi genuen esperientzia hau, 3D2ACT proiektu hau. Hasiera batean buruhaustea besterik ez zena, ondoren, erabilera eman zaion zerbait eta azkenik, esperientzia ederra bilakatu dena.
Europar proiektu bezala jaioa eta helburu bezala 3D inpresioa eta arazo sozialei aurre egitea zuena. Proiektuaren izena 3D2ACT. Bertan, besteak beste, Holanda, Grezia, Italia eta Txipreko eskola, unibertsitate eta erakundeak parte hartu dute gurekin batera. Covid garaian hasi zen proiektua eta elkar ezagutzeko aukera berandu etorri zen, hasiera batean hain ohiko bihurtu zen bideokonferentzia bidez eman zitzaion hasiera proiektuari. Hasiera batean ikasleentzako plataforma bat sortzeari ekin zitzaion, bertan, ariketa eta lan orriak sortuaz. Piezak diseinatu ahal izateko pausuak, internetetik lortu ahal izateko pausuak, 3D inprimagailuak ezagutu ahal izateko informazioa, hauek martxan jartzeko jarraibideak, piezak inprimatzeko pautak, aurki ditzakegun material ezberdinak… hau da, ikasleak, piezen diseinuaren eta inprimaketaren hasierako ideia izan dezaten beharrezko dokumentazioa. Hain zuzen ere gure ikasleek OnShape diseinu programa berria IKASI ahal izan dute.
Honez gain, plataforma horretan enpresa sozialak zer diren, egoera sozial ezberdinak, marketing planak…zer diren ere azaltzen da.
Beraz, guzti honekin zer? Gure ikasleek plataforma hau erabiliz, arazo sozial bati aurre egiteko zerbait diseinatu, inprimatu eta saldu behar izan dute. Hau izan da proiektu honi bukaera emateko erabili den aitzakia eta era berean, lehiaketa bihurtuz, ikasleen motibazioa indartu nahi izan dena.
Politeknika Txorierriko ikasleek programa ikasgelan ezagutu ondoren, arazo soziala aurkitu zuten: komunikatzeko arazoak dituen norbaitentzat lagungarria izan dakiokeen zerbait diseinatzea. Errazena arazo fisikoa duen norbaiti zerbait diseinatzea izan zitekeela uste zuten eta horren aurrean zerbait ezberdina lantzea erabaki. Beraz, gaur egun merkatuan zer dagoen aztertzen hasi ziren. Honen ondoren, eguneroko beharrak komunikatu ahal izateko zerbait diseinatzea erabaki zuten. Zerbait hori, haur, gazte edo heldu batentzat izan beharko lirateke, beraz, ezin zen joko bat, asko okupatzen duen zerbait, asko pisatzen duen zerbait, konplikatua den zerbait… izan. Beraz, pultsera bat egitea erabaki zuten. Pultsera horretan piktogramak dituen botoiak jarri eta kendu ahal izatea zen helburua. Pertsona bakoitzaren beharren arabera, batzuk kendu eta beste batzuk ipini ahal izateko, hau da, bakoitzak berea pertsonalizatu ahal izatea. Guzti hau diseinatu eta INPRIMATU ondoren, BIZIA etorri zen, Txiprera bidaia. Bertan formakuntza gehiago jasotzeaz gain, ikasleek beraien ideia saldu behar izan dute. Epaimahai baten aurrean, beraien ideia azaldu eta saldu. Beste ikasleek ere ideia bikainak eraman dituzte, baina hala eta guztiz Txorierriko ikasleek irabazi dute lehiaketa eta horrek dakarren poztasuna.
Laburbildurik, 3D2ACT ikasleentzako, irakasleentzako eta guztiontzako aberasgarria izan den proiektua izan da. Aspektu teknikoak lantzeaz gain, sozialak, ohituta ez gauden hizkuntzan komunikatzea, pertsona ezberdinekin lan egitea…izan da. Guztiontzako oroimenean geratuko den bizipena.