“Ez dago herri batua menderatzerik” dio Txilen jatorria duen lelo ezagunak. Azken asteotan Covid-19 koronabirusaren eraginez esaldi honi eutsi behar izan dio geure gizarteak, eta, beste behin ere, euskal herritarrok auzolanerako dugun joera eta eskarmentua agerian gelditu dira birus oldarkor honi aurre egiteko bide honetan. Izan ere, herritar nahiz profesionalen erantzukizun eta ardurari esker, erakunde eta eragileen deiari erantzuna ematen ari gara, laguntza behar duten pertsona desberdinei geure baliabideak eskainiz.
Hezkuntza arloari dagokionez, beharrezko metodologia aldaketa ahalik eta denbora laburrenean burutzeaz gainera, bestelako lanetan parte hartzen ari gara. Lanbide Heziketako zenbait zentruren artean, esaterako, TKNIKA berrikuntza zentruak koordinatutako sare bat osatu eta babes biserak sortzeko ekimena martxan jarri zen itxialdia hasi eta berehala. Zentru horietako bat dugu geurea, Politeknika Ikastegia Txorierri. Ikastolako 3D inprimagailuen bitartez bisera hauek inprimitzen aritu gara azken asteotan, osasun-langile nahiz premiazko beharrak asetuta izan ditzagun lanean ari diren horien artean banatzeko.
Bisera edo pantaila hauek bi atal dituzte: Lehena euskarria bera, bekokian eta buru inguruan jartzekoa. Pieza hauek, besteak beste, 3D inprimagailuen bitartez egiten dira, PLA izeneko materialarekin. Bigarrena, aldiz, euskarriari lotutako eta ikastetxeetan izaten ditugun PVCzko azal gardenak dira. Azken hauek aurpegia babestuko dute eta ondorioz, birusa langilearengandik aldendu ere.
Lana burutu ahal izateko, Tknikak euskarria diseinatu, Osakidetzak homologatu eta ondoren inprimitzeko artxiboa eta jarraibideak helarazi zizkiguten parte hartzea erabaki genuen zentruei. Politeknika Ikastegia Txorierrik lau astetan 400 euskarritik gora inprimitu ditu jada. Hasierako lanak Bizkaiko ospitaletan zehar banatu egin ziren NBEen (norbera babesteko ekipamendua) falta nabarmenari aurre egiteko eta jarraian mugikortasun urriko pertsonen apartamentuetan aritzen diren profesionalen eskaera ere jaso genuen. Hala ere, aste hauetan Txorierrin egon zitezkeen beharrei begira egon gara batez ere, haranean ere gure ekarpentxoa egin ahal izateko. Momentuz, Erandioko zahar-egoitzera eta Derioko udalera (herriko dendarien artean banatzeko) heldu dira geure pantailak , eta geure asmoa bide beretik jarraitzea da.
Bide beretik jarraitu nahi genuke, ez 3D inprimagailuen zale amorratuak garelako, eta are gutxiago bizi dugun egoerarekin pozik gaudelako. Bide beretik jarraitu nahi genuke arazoa aukera bihurtu dugulako, auzolanean ari garelako. Alegia, norbanakoen arteko distantzia handitu behar dugula agindu diguten honetan, elkarrengandik inoiz baino hurbilago sentitu garelako.