• Pandemiaren geldialdiaren ondoren, aurten, LHko eta Unibertsitateko tituludunek praktikak egin ahal izango dituzte hogei bat herrialdetako enpresetan, besteak beste, Eurogunean, Hego Amerikan eta Asian.
  • Aurreko urteetan ez bezala, oraingoan 31 urte arteko tituludunentzat dira, bai unibertsitate ikasketetan, bai goi mailako Lanbide Heziketan.
  • Gutxienez 6 hilabeteko iraupena dute, hilean 1.500 €-ko zenbatekoarekin onuradunarentzat.
  • Global Training bekak eskatzeko epea ekainaren 14an hasi eta uztailaren 16an amaituko da

DEIALDIRA SARTU

2021-06-…

Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, Confebask, HETEL, Politeknika Txorierri eta Adegi aliantzak indarberrituta ekin dio berriro Global Training beken kudeaketari, LHko goi mailetan eta Unibertsitatean titulatutako euskal gazteek praktikak egin ahal izan ditzaten atzerriko enpresetan.

‘Global Training’ bekak SPRIk abiarazitako programa baten parte dira (Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakunde publikoa), eta horien kudeaketaz arduratzen da, besteak beste, Confebask, HETEL, Politeknika Txorierri eta Adegi erakundeek eratutako partzuergoa.

Aurten, aliantza horrek 75 beka kudeatuko ditu guztira, 2019an eskaini zirenak baino %25 gehiago, pandemiak iazko deialdia bertan behera uztera behartu baitzuen. Partzuergoak 7 urteko esperientzia du beka horien kudeaketan, eta, bigarrenez jarraian, Eusko Jaurlaritzak graduatuen talde berri batez arduratzeko emandako kalifikazio gorena lortu du.

Programak EAEko gazteak nazioartera mugitzea bultzatzen du, beren profil akademikoari lotutako jarduerak eta proiektuak mundu osoko enpresa eta erakundeetan egiteko aukera emanez.

‘Global Training’ beken helburua da gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta nazioartekotzea bultzatzea, gazte horien prestakuntza eta profil konpetentziala eta euskal enpresen lehiakortasun beharrak hobeto egokitzeko.

Beken ezaugarriak

Bekak lortzeari lotuta, baloratuko da praktikak egiteko enpresak edo erakundeak eskatzen duten profilera egokitzea, norberaren eremuko prestakuntza espezifikoa, eta hizkuntza maila eta proiektuan eta eskainitako lan planean parte hartzeko motibazioa.

Bekek gutxienez 6 hilabeteko iraupena izango dute, hilean 1.500 €-ko zenbatekoarekin onuradunarentzat. Zenbateko horrekin ordainduko dira onuradunen helmugako herrialderainoko joan-etorrien gastuak, mantenua, ostatua eta Gizarte Segurantzako kotizazioa. Bekaren barruan sartzen da, halaber, mediku aseguru baten eta erantzukizun zibileko aseguru baten estaldura, praktikak irauten duen bitartean.

Euskaditik irten baino lehen, parte hartzaileek 50 orduko prestakuntza bat izango dute, eta hor, praktika egiteko moduari buruzko alderdiak lantzeaz gain, beste gai batzuk ere landuko dira, hala nola kulturarteko negoziazioa, komunikazio teknikak, talde lana, adimen emozionala, berrikuntza eta beste batzuk.

Hautatutako gazteak azarotik aurrera abiatuko dira euren helmugara: Alemania, Austria, Belgika, Erresuma Batua, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hego Korea, Herbehereak, Indonesia, Irlanda, Italia, Kolonbia, Malta, Mexiko, Polonia, Portugal, Thailandia, Txekiar Errepublika eta Txile.

Global Training bekak eskatzeko epea 2021eko uztailaren 16an amaituko da, eta beka eskatzen dutenek baldintza batzuk bete behar dituzte:

• Hautaketa prozesua amaitu aurretik lortutako Gradua, Lizentziatura, Diplomatura edo Goi Mailako Lanbide Heziketa.
• Administrazio egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin etenik gabe, 2021eko urtarrilaren 1ean.
• 2021eko urtarrilaren 1ean 31 urte beteta ez izatea (1991ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotakoak).
• Atzerrian sei hilabeteko edo gehiagoko praktikak egitea ahalbidetu duten beste beka batzuen onuraduna ez izatea (Europako mugikortasun programak: Erasmus+, etab.).
• Ingeles maila B1 izatea (Goi Mailako Lanbide Heziketarako) eta B2 maila izatea (Unibertsitate tituludunentzat), eta helmugako herrialdeko hizkuntza jakitea ere baloratuko da. Hizkuntza maila hautaketa prozesuan zehar egiaztatu ahal izango da, mailaren proba baten bidez.
• Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere.

Beka eskatu nahi dutenek edo horri buruzko informazio gehiago nahi dutenek webgunearen bidez egin dezakete: www.global-go.net.