Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Politeknika Txorierrik, Derioko Udalak eta Danerik Paraje Merkatarien Elkarteak indarrak batu dituzte berriz ere sentsibilizazio-ekintza batzuk garatzeko, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak irmo gaitzesteko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko konpromisoa adierazteko.
Goizeko lehen orduan, ekitaldi instituzional labur bat egin zen udaletxean, eta bertan, Politeknika Txorierriko Salmenten eta merkataritza-espazioen kudeaketa zikloko ikasleek diseinatutako poltsak eta eranskailuak erakutsi ziren. Bi diseinuek arazo garrantzitsu horren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko eta egoera horiei aurre egiten ari diren emakume guztiei babesa eta elkartasuna helarazteko arrazoiak eta mezuak dituzte. Fabrikazio mekanikoko diseinuko ikasleek eurek diseinatutako eta herriko erakusleihoetan erakusteko prestatutako imanak ere aurkeztu zituzten.
Diseinu eta fabrikazio mekanikoko ikasleek diseinatutako imanak erakutsi dituzte egunotan Derioko erakusleihoetan
Ondoren, ikasleak bi taldetan banatu ziren. Zati batek 41 merkataritza-establezimendutan banatu zituen aipatutako diseinu guztiak. Gainerakoak Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin dinamika ezberdinak egiteko joan ziren eskolara. Amaitzeko, denok bat egin genuen berriro udaletxean amaitu zen martxa morearekin.