Apirilaren 27an –asteazkena- eta 28an –osteguna-, Valentziako Paiportako IES La Sènia ikastetxeko zazpi irakaslek bisita egin ziguten “Kolaboratu, Ekin, Berriztatu –CEI” proiektua hasteko. Berrikuntza eta ikerketarako eta ezagutzaren transferentziarako proiektu bat da, Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak finantzatua. Bilera horretan, bi ikastetxeetako ordezkariok parte hartu genuen, eta baita Mudantza Enpresen Espainiar Federazioaren (FEDEM) ordezkari batek ere, bide telematikotik.
Bisita horretan, aukera izan genuen elkar ezagutzeko, proiektuaren ildo orokorrak aztertzeko, jardunbideak definitzeko eta datozen hilabeteetako jardunaren kronograma ezartzeko. La Sèniako irakasleek, gainera, aukera izan zuten gure instalazioak eta berton erabiltzen dugun metodologia ezagutzeko, hau da, proiektuetan oinarritutako lan-metodologia (ETHAZI) ezagutzeko.
Proiektu honen garapen eta transferentzian, bi ikastetxeetako eta heziketa ziklo batzuetako irakasle eta ikasleek parte hartuko dute, zeren proiektuak La Sèniako Goi Mailako Heziketa Zikloetako Web Aplikazioen Garapena eta Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena izeneko espezialitateetako ikasleen lankidetza bilatzen baitu (horiek badakite nola garatu web sistema informatiko baten back-enda, gailu mugikorretarako programazioa barne sartuta, baina ez dituzte ezagutzen webguneak balizko bezeroentzat erakargarri bihurtzeko diseinu-alderdiak) Politeknika Txorierriko Salmenten eta Merkataritza Esparruen Kudeaketa GMHZko ikasleekin (hauek badakite nola prestatu webguneetako alde “bisuala”, baina ez dute ezagutzen horretarako beharrezkoa den programazioa) eta La Sèniako Administrazio eta Finantzak GMHZko ikasleekin ere (hauek badakite nola landu enpresako planak, baina, azken batean, enpresentzako produktuak lantzearen inguruko ezagutza falta zaie). Txorierriko eta La Sèniako ikasleak proiektuetan oinarritutako metodologia bat erabiliz elkartuko dira –berau Txorierrin erabiltzen da dagoeneko-, eta erronka bat taldeka gainditzen saiatuko dira, hots, FEDEMentzat planteatutako webgune bat gauzatzea. Proiektuari dagokionez, inplikatutako espezialitateak osagarriak dira. Talde bakoitzak 6 partaide inguru izango ditu, guztira, eta bi aldiz bilduko dira irakasleen gainbegiratupean. Bi bilera horien artean, komunikazio elektronikoa izango dute etengabe. Lankidetza horren bidez lortu nahi duguna da inplikatutako ikasleek euren marketin digitaleko enpresa propioa eratu dezatela, lehenengo bezeroa aukeratutako enpresa izanik, hau da, FEDEM. Honek ikasleek landutako produktuaren publizitatea egingo du, dohainik, bere bazkideen artean.
Proiektu hau bi fasetan dago egituratuta, eta aurreikusita dago 2023ko apirilean amaitzea. Lehenengo fasean, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzaren know-howaren transferentzia egiten da, eta bigarren fasean ikasleek erronka garatuko dute.
Parte-hartzaile guztiok ilusio handiz eta ideia berritzaileez hasten dugu proiektu berri hau. Eskerrik asko IES La Sènia ikastetxeari eta FEDEMi, proiektuan izandako inplikazioagatik!