Bankia Fundazioaren Dualiza proiektuak eta FPEmpresa-Lanbide Heziketako Zentroen Elkarteak Orientazio Aktiboaren Deialdiaren edizio berri bat abiatu dute, Lanbide Heziketara zuzendutako orientazio-ekintza berritzaile eta proaktiboak sustatzeko xedez.
Edizio honetara LHko ehun zentro baino gehiago aurkeztu dira, eta bereziki azpimarratu behar da Euskadiko, Valentziako Komunitateko eta Andaluziako zentroek erakutsitako interesa. Azkenik, guztira 28 proiektu aukeratu dira, eta horien artean Politeknika Ikastegia Txorierriren proiektu hau dago: “Ezagutu Aukeratzeko: Lanbide Heziketarako eta lan-mundurako hurbilpen bat, genero-alborapenik gabe”.
“Ezagutu Aukeratzeko” ikastegiko 1. eta 2. Batxilergoko ikasleei zuzendutako orientazio akademiko eta profesionaleko tresna bat da, bi helburu dituena: alde batetik, euren ingurune soziolaborala hobeto ezagutzen laguntzea, etorkizuneko erabaki akademiko eta/edo profesionalak datu gehiagoz hartu ahal izateko; eta, bestetik, prestakuntzaren aukeraketa hori sexismorik gabe eta genero-berdintasunaren irizpideekin egitearen garrantzia hurbiltzea.
“Ezagutu aukeratzeko” proiektuak enpresaren mundua ekartzen du eskolara, eta profesionalen hurbilpena ahalbidetzen du; izan ere, profesional horiek euren bizipenak, ibilbide akademiko eta laboralak, bidean aurkitutako zailtasunak, gomendioak eta gisa berekoak azaltzen dizkiete ikasleei, eta horren bidez lortzen dute haien arreta “lotzea” eta erakartzea. Gainera, generoaren alderdia txertatzeari esker, aukera-berdintasunaren alde lan egin dezakegu modu paraleloan, prestakuntza-aukeraketa ez sexistak bultzatuz eta emakumeen presentzia tradizionalki gizonezkoenak diren sektoreetan bistaratuz; ikasketa teknikoekin eta/edo zientifiko-sanitarioekin jarraitzeko asmoa duten nesken erabakiak indartu egiten dira horrela, eta asmo hori ez zutenak konturatzen dira kontuan hartu beharreko aukera interesgarri bat dela.
Programak hiru fase ditu, elkarrekin batera prestakuntza-ibilbide gradual bat osatzen dutenak eta lagungarriak direnak proiektuan parte hartzen duten ikasleen prestakuntza- eta lanbide-ibilbidea bideratzeko. 1º Batxilergoko ikasleei zuzendutako lehenengo eta bigarren faseekin hasten da, eta 2º Batxilergoko ikasleei zuzendutako hirugarren fasearekin bukatzen da. Faseak honako hauek dira:
1 .Fasea – ikasketa tekniko eta zientifikoei buruzko informazio sektorialaren inguruko topaketak:
Ikasleek Lanbide Heziketa orokorrari eta ikastegiak eskaintzen dituen zikloei buruzko informazioa jasotzen dute. Geroago, sektore industrial eta zientifiko-teknikoko bi enpresatako errealitatea bertatik bertara ezagutzea ahalbidetzen zaie, saioan parte hartzen duen enpresaren ordezkariak emandako azalpenaren –eta testigantzaren- bitartez.
Ikasturte honetan, Ingeniaritza-enpresa bat izan dugu (IDDTEK, beraren gerente eta fundatzailearekin -emakume bat-, Produktu Mekanikoen Garapenaren Goi Mailako Teknikariaren titulazioa duena, gaur egun Fabrikazio Mekanikoko Diseinua) eta enpresa bioteknologiko bat (ALEO VITRO, beraren bi sortzaileekin, bata Nekazaritzaren familiako ziklo baten Goi Mailako Teknikaria eta bestea Biologian lizentziatua).
2 .Fasea –Enpresa teknikoak eta zientifiko-sanitarioak bisitatzea:
1º Batxilergoko ikasleek enpresa bat bisitatzen dute eta in situ ezagutzen dituzte lanpostuak, garatu beharreko zereginak, prozesuak… eta baita langileen prestakuntza ere.
Ikasturte honetan aurreikusita genuen enpresa zientifiko bat eta Fabrikazio Mekanikoaren sektoreko enpresa bat bisitatzea, baina COVIDaren egoeraren eraginez bertan behera utzi behar izan ditugu bisita horiek.
3 .Fasea – Egonaldiak profesionalekin enpresetan:
2º Batxilergoko ikasleek profesional batekin ematen dute beraren lanaldiaren goiz bat, ezagutu nahi luketen lanpostu mota aukeratuz. Era horretan, lanbide jakin baten inguruan duten ezagutza zabaldu dezakete, eta horri esker ezagutu ditzakete, sakontasunez, laneko prozesuak, lanpostuari esleitutako eginkizunak, ordainsariak, egin beharreko ikasketak, prestakuntza osagarria, karrera profesionalaren garapena, eta abar.
Ikasturte honetan, pandemiaren zirkunstantzien eraginez, fase hau birdefinitu behar izan dugu, deialdia online formatuan eginez, hau da, bideokonferentzien bidez profesionalei egindako elkarrizketa indibidualizatuen bitartez. Formatu horrekin, sektore eta titulazio desberdineko 25 profesionalek parte hartu dute, eta ikasleak gehien interesatzen zitzaien saioan inskribatzen ziren.
“Ezagutu aukeratzeko” ezin gauzatu liteke ekimenarekin kolaboratzen duten eragileen parte-hartzerik gabe. Hala, alde batetik, funtsezkoa da EGAZ Txorierriren laguntza, berau Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen Sustapen Ekonomikoko Zerbitzua baita, eta baita eskualdeko enpresen lankidetza ere, zeren ekimenean parte hartzen baitute bisitak eta haien langileen parte-hartzea erraztuz.