Politeknika Ikastegia Txorierri bazkide den DESSA nazioarteko proiektuan garatutako materialei esker, Lan Formakuntza eta Orientabidea moduluko irakasleei baliabide dinamikoak eman zaizkie, ikasgelan zeharkako gaitasunak lantzeko.
Urtero, ikastetxeko 100 ikasle inguru beren ibilbide profesionalari ekiten diote, lan-munduan haien lekua aurkitzeko asmoz. Erronka berri horri ikasketetan garatzen dituzten gaitasun teknikoak oinarri hartuta ekiten diote guztiek, eta, hala, zaildu egiten zaie laneratzea, kasu askotan ez baitute lehiakideengandik bereizten dizkien gaitasunik. Politeknika Ikastegia Txorierrin ikasleen zeharkako gaitasunak indartzearen aldeko apustua egin dugu, bereziki lantokian erabilgarrienak izan daitezkeenak, hala nola negoziazioa, lidergoa eta motibazioa.
Azaroan eta abenduan, erdi-mailako eta goi-mailako lanbide heziketako ikasleek lan-munduari aurre egiteko funtsezko gaitasunak garatu dituzte, zeregin interaktibo eta dinamikoen bidez. Horiei esker, komunikazio-trebetasunak eta garapen pertsonala indartu dituzte. Besteak beste, ikasleek taldeko eta banakako zereginetan parte hartu dute, eta lan-inguruneko benetako egoerei aurre egin diete: nola negoziatu kontratu bat, nola aurkeztu lankideen aurrean… Horretarako, eta tresna digitalak erabiliz, haien indarguneei eta ahuleziei buruzko gogoeta egin dute, eta gainerako ikasleentzako tailerrak antolatu dituzte, betiere ikasgelako irakaslearen laguntzarekin.
Jarduera horien emaitzak oso positiboak izan dira. Izan ere, laster ikasgelan inplementatzeko zeregin berriak garatzen ari gara. Ikasleek zein irakasleek aktiboki hartu dute parte jarduera bakoitzean, eta adierazi dute neurri handi batean hobetu dituztela trebetasun sozial horiek, lan-munduan teknikoenak bezain ezinbestekoak direnak.