Txorierri Politeknika Ikastegiko Zuzendaritza Taldeak bere gogoeta estrategikoa egiteko momentua heldu zela erabaki zuenean, argi izan zuen lehen momentutik modu parte hartzailean egin nahi zuela. Arrazoi nagusia interes talde guztiak gogoeta horretan inplikatzea izan zen, ikastolaren parte direnez, bere etorkizuna marrazten lagun dezaten. Gainera ikastolaren izaerarekin bat dator parte hartzea, kooperatiba izateagatik eta batez ere, egiteko modu horretan sinesten dugulako.

Aurreko gogoeta formatu klasikoago batetatik abiatuta egin zenez oraingoan aurrerapauso berri bat eman nahi izan genuen. Helburuak helburu, oinarrizko 3 premisa bete nahi izan ziren oraingoan:

ELKARSORKUNTZA: datozen urteetarako bidea ikastolaren parte diren eragile guztien artean sortzea. Guztion iritzietatik abiatuta, ikastolaren helmuga zein den argi izateko eta baita jorratu beharreko bidea.

BISIO OROKORRA: hausnarketa elkarrekin egiteak, gure ikuspegi propioa zabaltzen laguntzen digu. Orain arte gure buruari galdetu ez genizkion galderak sortzen laguntzen digu eta errealitatearen “argazkia” modu osoagoan osatzen.

ARGITASUNA: Sarri plan estrategikoetako emaitza konplexua izaten da eta horrek berak datozen urteetarako bidea modu argian ikusten oztopatzen digu. Sinpletasunak duen indarra aprobetxatzea oinarrizkoa izan da prozesuan zehar eta baita azken emaitza sortzerako orduan.

Ia ikasturte osoko lan honek azkenean bere fruitua eman du eta dagoeneko martxan dugu gure 2021-2025 Plan Estrategikoa. Plan hori dokumentu oso zehatz baten islatzen da. Artikulu honen helburua ez da txosten osoa hemen plazaratzea baina bai nahi dugula gizarteari orokorrean, gure asmoen berri ematea laburbilduta bada ere.

2021-2025 eperako bost lerro estrategiko definitu ditugu:

  1. Bizialdi osoko ikaskuntza: Lerro honetan hezkuntza arautuko eta ez arautuko helburuak batera finkatu ditugu, gure betiko baloreetan sakonduz (orientazioa, gertutasuna, konpromisoa) eta guk eskainitako ikasketei balio gehigarri bat ematen dioten helburuak bultzatuz (ikasketa espezializatuak, hizkuntzen trataera, hobekuntza pedagogikoa, titulazio ondorengo zerbitzuak,…)
  2. Ingurunea sustatzea: Zerbitzu publikoa gara eta horregatik gure ingurunearen zerbitzura gaude. Txorierri bailaran, Bizkaian eta aukera izan ezkero, munduan zehar baita ere. Horregatik beste eragile batzuekin (Udalak, beste Administrazio publikoak, Gizarte erakundeak, nazioarteko erakundeak,…) gure ikasleen formakuntzan eragina izan ditzaketen proiektuak garatuko ditugu. Bestalde Lanbide Heziketako ikuspuntutik gure inguruko enpresen garapenean laguntzeko prest gaude bereziki enpresa txiki eta ertainekin ikerkuntza eta garapena sustatzen dituzten proiektuetan.
  3. Berrikuntza: Aurreko lerro biak jorratzeko derrigorrezkoa ikusten dugu guk ere gure berrikuntza prozesuak hobetzea eta hemendik hurrengo lau urteei begira transformazio digitalaren erronkari ekingo diogu.
  4. Kudeaketa eredua: Txorierri egiten dugun partaide guztien gogobetetasunean eta gai honetan identifikatuta ditugun hobekuntzetan sakonduko dugu baina hortik aurrera, gure konpromiso soziala erakutsi nahi dugu Garapen Jasangarriko Helburuekin bat eginez.
  5. Komunikazioa eta aliantzak: Lerro honetan gure lankidetza sareak bultzatu nahi ditugu bereziki bai Batxilergoan eta bai Lanbide Heziketan Mondragon taldeko Ezagutza Dibisioan landuko ditugun proiektueta.

Lerro Estrategiko hauek aurrera eramateko proiektu desberdinak burutuko ditugu eta horien artean hiru azpimarratuko genituzke:

  • TXORIERRI SAREAN: Proiektu honen bitartez dagoeneko gure aliatuak diren instituzio, enpresa eta ikastetxeetatik aparte beste berri batzuk erakarri nahi ditugu. Horretarako komunikazio ekintzak egingo ditugu gure proiektu eta zerbitzuen berri emateko eta, ahal den neurrian, lankide izan gaitezen proiektu desberdinak amankomunean aurrera eramateko.
  • TXORIERRI DIGITALA: Gero eta argiago dago Transformazio Digitala gure gizartearen hurrengo erronka nagusietako bat izango dela. Bere garaian aitzindari izan ginen gai hauetan eta gure posizioa mantendu nahi dugu hiru arlotan sakonduz: gure azpiegitura datozen erronketarako prestatu, kudeaketaren digitalizazioa eta ikasketa prozesuen digitalizazioa.
  • TXORIERRI BERDEA: Garapen Jasangarriko Helburuak gure egunerokotasunean bere eragina izan dezaten eta Euskadiko Agenda 2030 programarekin bat eginez talde eragilea bultzatu dugu gure inguruan eta bereziki gure ikasleengan hobekuntzarako inpaktua izan ditzaten.

Kuantitatiboki, 2021-2025 Plan Estrategikoak milioi eta erdi euro baino gehiagoko Inbertsio Plana aurkezten du lau urtean, eta, hura garatzeko, zereginean inplikatutako profesional-talde bikaina du, bai eta erakundeetako eta enpresetako aliatuak ere, eta horien lankidetza eta parte-hartzea funtsezkoa izango da aurreikusitako helburuak garatzeko.