SAMSUNG

Eusko Jaurlaritzak laster argitaratuko ditu 7 espezializazio-ikastarori buruzko Dekretuak; horien asmoa da, alde batetik, gaitasunak eskuratzeko prozesuei zuzendutako ordu kopurua handitzea, espezializazio maila handigoa lortzeko modu bakartzat hartuta, horren bidez erantzun ahal izateko gero eta konplexuagoak diren eremuen eskariari.

Erreferente horrekin, gure ekonomiaren ekoizpen-sektore estrategikoen eskariak aztertu dira eta prestakuntza-profil batzuk adostu dira horien ordezkariekin, alegia, sistema tradizionalak eskaintzen ez dituen eta beren ekoizpen-beharrei erantzuteko funtsezkotzat jotzen diren prestakuntza-profil batzuk.

Politeknika Ikastegia Txorierri jadanik hasi da lanean zeregin horretan, bere kokagunearen eremu industrialarekin eta matrizegintza/trokelgintzaren sektorean garatzen ari den prestakuntza-ibilbidearekin bat datorren espezializazio-ikastaro baten lidergoa lortzeko: “Xafla metalikozko pieza lortzeko trokelen diseinu eta fabrikazioa”.

Horretarako, eta Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartearen (HETEL) sostengu eta lankidetzari esker, hainbat elkarrizketa izan ditu Txandakako Prestakuntza Dual Espezializatuko Programa batean parte hartzeko interesa izan lezaketen enpresa-elkarteekin. Prestakuntza-modalitate horri esker, bertan parte hartzen duten ikasleek horri dagokion Lanbide Heziketako titulua eskuratzen dute ikasketak amaitzean (Fabrikazio Mekanikoko Diseinua edo Ekoizpenaren Programazioa), eta baita Eusko Jaurlaritzak emandako espezializazio-ziurtagiri bat ere.

ACICAE automobilgintzako enpresen klusterraren AIC (Automotive Intelligence Center) zentroarekin eta Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioarekin bilera batzuk egin ondoren, enpresa-elkarte horiek lortu dute enpresa hauek proiektuan inplikatzea: Gestamp Taldea, Matrici S.Coop., ITP SA, Mecaner SA, CIE Automotive eta CTI.

Programa garatzeko, GTI (Gestamp Technology Institute), parte hartzen duten enpresen profesionalak eta Politeknika Ikastegia Txorierriko irakasleak izango ditugu. Prestakuntza errendimendu handiko zikloen modalitatean emango da (Ethazi), eta horretarako Durangoko Maristak ikastetxearen laguntza izango dugu, zeren esperientzia luzea baitu enpresak gaur egun eskatzen dituzten jarrerak –parte-hartzea, taldekako lana, lankidetza, sormena, lidergoa… eskuratzen laguntzen duten metodologiak ikasgeletan ezartzeko lanean.